Euskara

Euskara da bizirik dagoen Europako hizkuntzarik zaharrena. Euskal Herriko berezko hizkuntza da, eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala da Euskal Autonomia Erkidego osoan, bai eta Nafarroaren parte baten ere.

Gaur egun, basauriarren % 23,17 euskalduna da, euskara ezagutzen du; % 27,33, berriz, euskara ikasten ari da, ia-euskaldunak dira. Haurren eta gazteen artean dago euskaldun kopuru handiena, hezkuntza-sistemaren bidez ari baita hizkuntza berreskuratzen.

Non ikasi euskara?

Euskara eskolan ikasten dute askok, eta beste askok EUSKALTEGIetara jotzen dute: euskara irakasteko zentro espezializatuak dira. Basaurin bi euskaltegi daude, 16 urtetik gorakoentzat biak.

Badaude ere 16 urtetik beherakoei euskara klaseak ematen dizkieten elkarteak.

Aipatutakoez gain, Hizkuntza Eskola Ofiziala dago Basaurin.

Basauriko Udalak (Euskara Atalak) diru-laguntzak ematen dizkie euskara ikastaroak egiten dituzten basauriarrei. Diru-laguntza eskuratzeko, ordea, bertaratze-baldintza batzuk bete beharko dira.

Haurrek eskolan ikasten dute euskara, batez ere. Hezkuntzan, berriz, hiru eredu daude euskarari lotuta: A, B eta D.

Basaurin ikasten duten haur gehienak B eta D ereduetan daude.

Euskara Atalak zenbait kanpaina egiten ditu euskararen erabilera normalizatzeko gizartearen eremu guztietan, baita eskola eremuan ere, euskara izan dadin komunikatzeko ohiko hizkuntza.

EMAN GILTZA: familiartean euskararen erabilera sustatzeko programa. Urteko hirugarren hiruhilekoan hitzaldiak antolatu ohi dira hizkuntzaren transmisioari buruz; horrekin batera, jolas-tailerrak, ipuin-kontalariak, eta abar egon ohi dira.

EUSKARAZKO PRODUKTUEN KATALOGOA: Euskaraz dauden produktuen kataolgoa: liburuak, musika, bideoak, jolasak…

BERBALAGUN eta GURASOLAGUN: euskaraz aritu ohi diren euskaldunak elkartzen ditu euskara ikasi eta hizkuntza praktikatu nahi dutenekin.

BEHARSAREA: euskaraz lan egin nahi dutenen eta langile euskaldunak bilatzen dituztenen eskaerak kudeatzeko Interneteko ataria.

Kultur Etxeak, Basauri Kirolakek eta Udaleko beste atalek haurrei zein helduei zuzendutako jarduerak antolatzen dituzte: tailerrak, hitzaldiak, ipuin-kontalariak… Haurrentzako diren gehien-gehienak euskaraz dira: ludotekak, irakurketa tailerrak, «Olgetan ondo pasau» jardueren programa, igeriketa ikastaroak, multiabentura campusak, udalekuak, multiabentura udalekuak, eta abar.

Argibide gehiago jasotzeko honako hauetara jo dezakezue: Kultur Etxea, Basauri Kirolak, Euskara Atala eta www.basauri.net.

Basauriko Udaletxea K/ Kareaga Goikoa 52. K.P.:48970 Basauri.
Tlfn.: 94 466 63 00 | 24 ordu mezuak: 900 840 841 | E-mail: oiac@basauri.net