Emakume eta gizonen arteko berdintasuna

Basauriarrok zenbait baliabide ditugu emakumeen eskubideak defendatzeko eta desberdintasunak gutxitzeko ekintzak abiarazteko. Helburua: emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea.

Lehenengo eta behin, emakumeen mugimendu sendo eta errotua dago, beraien eskubideen eta interesen defentsan dihardutenak.

Bigarrenez, Udaletik ere bideratzen dira zenbait jarduera eta politika publiko, udalerrian genero-harremanak aldatzeko. Honako hauek dira Basauriko Udaleko Berdintasun Atalak bere gain hartutako zerbitzu nagusiak:

  • Emakumeentzako Informazio Zentroa: Basauriko emakumeei informazioa, aholkularitza, arreta juridikoa eta laguntza psikologikoa ematen dien adituen taldea. Eremu hauetan egiten dute lan: erasoak, tratu txarrak, banantze eta dibortzioak, izatezko bikoteak, etxe-langileen eskubideak, lan-eremuko diskriminazioa eta sexu-jazarpena.
  • Jabekuntza Eskola: Emakumeentzako eremua da; gizartean eta politikan haien parte-hartzea sustatu nahi du, zenbait bide erabilita: formakuntza-ikastaroak ikuspuntu feministatik; emakume-kultura eta –identitateei buruzko hausnarketa kritikoak; Basauriko emakumeen mugimenduaren dinamizazioa; eta beste kultura edo jatorria duten emakumeenganako elkartasunaren sustapena.
  • Equitruke, Denbora Bankua: Adin, sexu, jatorri eta abar desberdinetako pertsonen arteko jakintza-trukea sustatu nahi du. Herritarren arteko elkartasuna, lana eta familia bateragarri egitea eta besteenganako erantzukidetasuna da proiektu honen helburua. Parte hartu nahi dutenek Equitruken bazkide egin behar dira. Diruak ez du balio, denbora da trukeetarako txanpona: ordubete, ordubeteren truke, lana edozein izanda ere. Bigarren mailako helburua da emakumeek doan egindako zenbait lan balioestea, ugaltze-lanak eta zaintzak, besteak beste.
  • Sexu Informaziorako Bulegoa: Sexu-heziketari eta sexu-jarduerari lotutako prebentzio, arreta eta kontsulta oro bideratzeko zerbitzua da.
  • Berdintasun Kontseilua: Basauriko Udaleko Berdintasun Atalaren aholkulari lanetan dabilen parte-hartze organoa da. Basauriko emakume-talde eta elkarte guztiak batzen dira bertan. Aldian-aldian biltzen da, berdintasunaren alorreko politika eta jardueren jarraipena egiteko, eta aukera ematen du emakumeen kolektibo eta elkarteen arteko elkarlana eta koordinazioa garatzeko.
  • Elkargune: bilerarako gunea Marienean, Emakumeen Etxean, udalerriko emakume-elkarteentzako.
Basauriko Udaletxea K/ Kareaga Goikoa 52. K.P.:48970 Basauri.
Tlfn.: 94 466 63 00 | 24 ordu mezuak: 900 840 841 | E-mail: oiac@basauri.net